XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez pentsa, kolpe guztiak ez ziren Iruñeko Katedralekoa bezain gaizki atera.

Afera batzuk ongi atera ziren.

Horrek irabaziak ekarri zizkidan.

Ez naiz aberatsa baina, tira, moldatu egiten naiz.

Badut nire bestaldeko jardueren estalkia zerga-estalkia, bizi-estalkia egiten duen arte-galeria txiki bat.

Inoiz behin buelta bat ematen dut, baina ez nago, ez horixe, galeriari kateaturik.

Galeriak han lan egiten duen neskaren soldata eta gastuak ordaintzeko beste ematen du berez; galerak sortzen ez dituen bitartean, nahikoa da, ongi doa.

Batzuetan zer edo zer irabazten da, gainera.

Nire hausnarketarako joerari, nire posizio ekonomikoari eta nire galeriari esker, jada ez nabil Katedralean lau kaliza xixtrin ebastera sartu behar izan nuen garaian bezala.

Lanak aukeratzeko eta ongi pentsatzeko moduan bizi naiz.

Mugalariek, mugalari guztiok ordaindu behar izaten dugun petxaren bat gorabehera, ase eta libre bizi naiz.

Gehiago espero al nezake?

Lanak aukeratu ahal izatearenak badu bere zera.

Adibidez, ezagutzen ditut besteen miseriari etekinak ateratzen ibiltzen diren tratante lotsagarriak, lehen Sobietar Batasuna zena edo Kuba odolustetik bizi diren izainak.

Ez dut ukatuko nork bere burua ederresteko tentazioa handia dela; alabaina, orain arte duintasunean ibili ahal izan naizela esan dezaket.

Badakit hau dela nire puntu ahula, badakit ez naizela Robin Hood, ezin izango dudala beti berdin jokatu, lehenago edo beranduago lohitu egingo naizela.

Lohitu diodalarik, nire begietara lohitu esan nahi dut; gainerakoan badakit besteen begietara zeharo lohiturik nengokeela zertaz eta nola bizi naizen jakingo balute.

Izan ere, nola mintza daiteke duintasunaz, azken finean, eta bere gordinean esanda, iruzur-egile, faltsarioa, lapurra dena?

Horixe da errealitatearen alde ezagunean bizi den herritar batek egingo lukeen lehenbiziko galdera.

Badakit. Zer egingo diogu: kontuak kontu, ez dut lo egiteko arazo handirik, kontzientzia lasai dudalako adibide.

Eutsiko diot ahal den denbora guztian.

Errealitatearen marraz bestaldekoentzat herritarraren logika horrek ez du balio, halakoxeak dira gauzak.

Izan ere, zer da errealitatea? Imanolek telefonoz hots egin zidanean lan baten eskaintza egiteko, justu bigarren zigarroa erretzen ari nintzenean, Leonardo de Argensola izeneko poeta espainiarraren soneto bat (...)